24 urtarrila 2020

2019ko CAFÉ BAR BILBAO ANTZERKI LABURREKO SARIAK BADITU IRABAZLEAK

Tartean teatroa

CAFE BAR BILBAOk, TARTEAN TEATROAren laguntzarekin, 2019ko CAFE BAR BILBAO TEATRO LABURREKO SARIEN irabazleak aurkeztu ditu. Beraiek dira: Euskarazko Gidoirik onena Goiatz Labandibar Salaketa lanagatik; eta, Gaztelaniazko Gidoirik onena Javier Diez Carmona Digresiones de don Quijote y Sancha lanagatik.

CAFE BAR BILBAO SARIAko 17. edizio honetan, guztira 25 gidoi jaso dira, hauetatik 17 gazteleraz eta beste 8 euskaraz. Sari bakoitzeko irabazleek 800 euro jasoko dituzte eta, antzezlanak CAFE BAR BILBAOren web orrialdean publikatuko dira.

Bestetik, Lautan Hiru Bilboko Zazpi Kaleetako antzerki laburreko jaialdiaren baitan, Goiatz Labandibarren Salaketa antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo da datorren otsailaren 6an Cafe Bar Bilbaon gaueko 20.00etan.

Goiatz Labandibar Arbelaitz, oiartzuarra da, kazetaritzan lizentziatua eta, egun, komunikazio arloan egiten du lan. Literatur munduan aritua da baita ere, helduentzako hiru ipuin bilduma argitaratu baititu.

Javier Diez Carmona bilbotarra da, 1969an jaioa. Autore gisa, prosa edota narrazioan murgildu da (eleberria ala ipuniak idatziz) baina baita ere, poesia eta antzerki laburreko sariak jaso ditu. Gazte literaturari dagokionez bi eleberri idatzi ditu gazteleniaz  baina baita ere nobela beltzaren eremuan murgildu da bi eleberriekin.

AUTOREEK EUREN ANTZEZLANARI BURUZ

Goiatz Labandibarrek dionez, Salaketa antzezlanak “asko du absurdotik. Abiapuntua bera, nahiko absurdoa da: pertsona bat salaketa bat jartzera doa igarle batek esan ziona ez delako bete. Gidoi umoretsua sortu nahi nuen, ironiatik eta absurdotik asko  duena, gure buruari barre egiteko aukera emateko”. Kritikatik ere badu gidoiak bere egilearen arabera. “Gizarte honetan gauza batzuen inguruan nahiko zabalduak dauden usteak eta klitxeak ere azaleratzen dira. Sistema judizialari, fedea edota jendeak zertan sinisten duen edo zertan sinetsi nahi” duenari kritika ageri baita.

Bestetik, Javier Diez egileak Digresiones de don Quijote y Sancha antzezlanari  buruz zera dio: “Antzezlana diruaren potere ustelagarriaren parabola bat da. Umore klabean idatzia,  prosa eta bertsoa txandakatzen ditu. Antzezlan honetako pertsonaiaren (Alonso Quijano) handi-nahikeriak aurkezten ditu, merkatuaren gorabeheren eraginez porrota ezagutu eta, justizia sozialaren ameskerietan murgilduta, finantzen mamuaren kontrako lehiari (errotak) ekingo dio, bere idazkariaren (Sancha) laguntzaz zein, Cervantesen jatorrizko eleberrian bezala, arrazoiaren ahotsa den. Baina, gure zaldun berria ohartzen denean aberatsa dela oraindik ere, txirotuak laguntzeko asmoak bazterrean utzi eta dirutza biltzeari ekingo dio”.

 

comments

add comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

X